mercredi 6 juillet 2011

daniel dergi askatu!

http://www.kazeta.info/euskalherria/azkeneko-ordua-frantziako-poliziak-daniel-dergi-preso-ohia-atzeman-du

Frantziako Poliziak Daniel Dergi preso ohia atzeman du euroagindua tarteko

Argitaratua: 2011-07-06 11:46:52

Frantziako Poliziak Daniel Dergi preso ohia atzeman du Cahors hirian. Etxetik lanera zihoala gertatu da atxiloketa. Poliziak Dergiren aurkako euroagindu bat dela jakinarazi dio Chantal Arambel Hiruburuko preso ohiaren emazteari. 2008an, espetxetik atera zenean, Frantziako zonbait departamenduetan bizitzeko debekua jaso zuen Dergik. Hastapenean Champagne-Ardennen bizi izan zen baina azken urteetan Cahors-eko hirian zegoen. Bertan lan egiten zuen eta bizitza erabat normala zeraman. Donibane Garazin elkarretaratzea egin dute arratsean atxiloketa salatzeko eta Lagundu elkarteak Euskal Herrian atal historiko berri batean sartu nahian ari delarik espainiar eta frantziar estatuek erepresioareki segitzen dutela salatu du agiri baten bidez. ( Irakurri hemen: Kazeta.info, Gara eta "Le JPB" hedabideek Daniel Dergirekin eginiko elkarrizketa). ( Irakurri ere: Euroaginduaren aurkako kolektiboak kanpamendua antolatu du Maulen ). ( Irakurri ere: Diez eta Otegiren aurkako eskaerak berretsi ditu fiskaltzak "Bateragune auzian" ).

Daniel Dergi preso ohia atzeman du Frantziako Poliziak Cahors hirian. Dergi oso ezaguna egin zen Lizarra-Garazi garaian euskal presoek haien estatus politikoa aitortua izan zedin burutu zuten gose-greban bizitza arriskuan ezarri zuelako. 64 eguneko gose greba egin zuen Hiriburukoak.

Dergi 1996an arrestatua izan zen eta 20 urteko espetxe zigorra hartu zuen. 2008ko martxoan berreskuratu zuen askatasuna 12 urte espetxealdia bete eta gero.

Oraingoan euroagindua tarteko atxilo hartu dute berriz, iduriz, Espainiako auzitegiek bere aurka zabalik dituen zonbait ekintzengatik. AFP berri agentzia frantsesak Madriletik igorritako berri batean zehaztu duenez Auzitegi Nazionalak 1993an Kataluniak poliziak atzeman zuen lehergailuz beteriko furgonetaren auziarekin lotzen du Dergi baita Lazkaoko Pastas Arruabarrena enpresari igorritako gutuna tranpa batekin. Ertzaintzak atzeman zuen lehergailua eztanda egin aitzin.

Euskal Herritik mila kilometrora bizitzera behartua
Espetxetik atera ahal izaiteko frantziar justiziak zonbait baldintza ezarri zizkion Dergiri. Euskal Herritik urrun bizitzera behartuta, hastapenean Hiriburutik mila kilometrora dagoen Saint-Dizier hirian, Champagne-Ardenne eskualdean, finkatu zuen bere bizilekua.

Maite Ubiria KAZETA.INFOko kazetariak 2008ko urdaran parada ukan zuen preso ohiarekin mintzatzeko bertan.

Solasaldi horretan bere eguneroko bizitzaz eta etorkizunaz mintzo zen Dergi, baita euskal militanteen aurkako erasoen arrazoietaz ere. "Le Journal du Pays Basque" eta "Gara" egunkariek ere jaso zuten elkarrizketa horren pasarte batzuk hemen dituzue:

Noiz eta nola heldu zinen Saint-Dizieren bizitzera? Joan den martxoaren 14an atera nintzen kartzelatik eta berehala hona etorri nintzen, epaileak hiru egun eman baitzizkidan Saint-Dizierera heldu eta geroztik prestakuntzan nagoen eskolan izena emateko. Kartzelatik ateratzeko baiteztapadako baldintza zen honat abiatzea eta ikasketak burutzea. Hots, kartzela gibelean utzi eta familiarekin izateko kasik denbora izan gabe honera heldu nintzen.

Azal dezakezu nolakoa den zure bizitza frantziar barnealdeko hiri honetan? Nola pasatzen duzu egun arrunt bat? Kartzelaren usadioari jarraikiz, seiak aldera jaikitzen naiz eta, jarraian, zortzietan, prestakuntza zentroan sartzen naiz eguerdira arte. Arratsaldez, ordubatetatik seiak bitartean, bertan egoten naiz. Prestakuntza teorikoa eta manuala jarraitzen dut. Hamabost hilabete segituko dut eskolan. Oraingo trebakuntza hau bukatzerakoan, bi aukera ditut: beste formakuntza bat egin edo lana bilatu.

Prestakuntza amaitu ostean, departamendu honetan bertan lana bilatzera behartuta zaude? Nire asmoa da hegoaldera jotzea. Alta, debeku zabala ezarri didate. Euskal Herria eta Bretainia artean diren kostaldeko departamenduetan ezin naiz bizi, ez da Pirinioetako departamenduetan ere. Parisera joatea ere ukatu egin didate. Horrek biziki zaila bilakatzen du hemendik mugitzea. Gaur egun, edozein lekura joateko autoa erabili beharra dut derrigorrez; trenez ezin dut inora joan, Parisetik pasatu gabe bidai luzerik egiterik ez baitago Frantzian.

Zenbat denbora igaro behar duzu egoera honetan? Zer iraupen dute epaileak ezarritako neurri zorrotz hauek? Epaileak bortz urteko baldintzapeko askatasuna ebatsi du. Alta, debekua hamar urtez luzatzen da. Berak agindutakoari jarraikiz, Euskal Herritik at hamarkada bat eman beharko nuke.

Horrelako erabakiek finean zigorra luzatzen dute. Kartzelatik ateratzerakoan sentitzen duzu libro zaudela. Baina ez da inolaz ere horrela, guztiz alderantziz gertatzen da. Ene ustez, presoaren dosierra hastapenetik amaieraraino kudeatzen duen epaile bereziaren figura sortzeak asmo argia du: espetxetik kanpo ere gu kontrolpean izatea, kartzelatik at beste kartzela handiago batean sartuz, baina, finean, kartzela batean ukanez. Filipe Bidarten kasuan, baita nirean ere, aski frogatzen da zein den helburua. Nolabait, erbesteratu berriak gara. Hiritarrek Frantzian, XXI. mendean, erbesteratuak edo nahiago bada barneko deportatuak direla jakin behar dute.

Beharbada zaila da kalean dagoen norbait errepresaliatu gisara irudikatzea... Elkartasuna kartzelara heltzen da, eta nahiko lan da gaur egun dagoen preso kopurua ikusita horrelako elkartasuna eta laguntza bermatzea. Gure kasua berezia da, jendeak segur aski hauxe pentsatzen du: Dani eta Filipe ez dira preso, jada kalean dira. Alta, ez gara libro, eta neurri batean, egoera hau gure familientzat gogorragoa dela erran behar dut. Xantalek (bikotekidea) ezin du maiz etorri. Bidaia garestia da eta horri gehitu behar zaio hemen egoteko hotela atzeman behar dela. Orotara bisita bakoitzeko 500 euro inguru dira, eta diru kopuru hori, noski, ezin da hilero ordaindu. Bisitak urrundu behar dira... Bestalde, sentimenduen aldetik aski errazagoa da kartzelan: bisitak nola pasatzen diren badakizu, mugak badituzte ere hainbat usadioa dituzu... Kalean, biziki gogorra da, familia edo lagunak partitzen direnean frustrazio handia sortzen da, istantean konturatzen zarelako ezetz, ez dela egia, kalean zaudela baina aske ez zarela bizi.

Aipatu duzu Filipe Bidart eta zu erbesteratuak zaretela... Zuekin ireki duten bidea orokortzeko arriskua ikusten duzu? Bistan da bide berria ireki nahian ari direla. Moztu nahi dute kartzela inguruan antolaturik dagoen elkartasun sarea. Kartzelatik ateratzen zaituzte eta katea mozten da. Jada ez zara preso. Noski, beraiek bilatzen dutena ez da soilik kate hori moztea, horrekin batera konpromiso politikoaren kate luzea eten nahi dute. Gure izaera politikoa, gure erreferentzialtasun militantea ezabatu ezinean, Euskal Herritik urrun gaituzte.

Dergiren atxiloketa salatzeko elkarretaratzea egin dute Donibane Garazin. Bestalde Lagundu elkarteak honako agiri hau plazaratu du:

"Lagundu elkarteak Daniel Derguy-ren arrastatzea salatzen du fermuki. Bere kondena bete izanik ere Estatu Frantsesak eta Españolak Euroagindu estakuluarekin beste kondena bat ezarri nahi diote.

Euskal Herria bere istoriaren atal berri batean sartu nahian dabil eta bide horretan joan nahi duela herri honek argiki erakutsi du hego aldeko azken hauteskundetan.

Aldiz Frantses eta Español Estatuek beren errepresio bidetik segitzen dute Aurore eta orain Daniel-en arratazearekin baita Madrilgo Bateragune auziarekin. Bi Estatuen errepresio lotsagabea horren aintzinean deituak izanen diren mobilizazio guzitara deitzen dugu. Errepresioa Aski da !

Lagundu elkartekideok gure sustengu osoa ekartzen diogu Danieli"

Aucun commentaire: