lundi 25 mai 2009

milesker manifara etortzeagatik!!!

Jende anitz bildu da joan den larunbatean Hendaian Jon Anzaren "bahiketa" salatzeko

Argitaratua: 2009-05-23 22:30:00

Manifestazioaren irudia.

"Sarkozy, Zapatero, Non dago Jon?" lelopean manifestazioa egin dute larunbat arratsaldean Hendaian. 1 300 lagun inguru atera dira karriketara Jon Anzaren desagerpena salatzeko, bere familiari elkartasuna adierazteko, eta Estatu frantziarra eta espainolari iheslari politikoa non dagoen argitu dezatela galdegiteko.

Manifestazioa 17.30etan abiatu da Hendaiako kasinotik. Banderolan, iheslari politikoaren desagerpena publikoa egin zenetik Jon Anzaren lagunak eta, oro har, ezker abertzaleko jendeak, behin eta berriro pausatu duten galdera: Non dago Jon ?

Banderola atzean, Ahetzeko bizilagunaren argazkia zeramaten hiritarrak. Hondartzak jende anitz erakarri du arratsalde honetan Hendaiara. Izan ere, Jon Anzaren desagerpena salatzeko ezker abertzaleak luzaturiko deialdiak ere oihartzun zabala ukan du. 1 300 lagun inguru atera dira karriketara.

Orain dela hiru hamarkada, GALen atentatuen garaietan, manifestazioetan tamalez ohikoak bihurtu ziren oihuak entzun dira berriz gaur Hendaiako manifestazioan. "PSOE-GAL berdin da" edo "herriak ez du barkatuko" bezalako leloak izan dira gehien entzun direnak.

Manifestazioa Ondarraitz kirol eremuan amaitu da, eta bertan, ostiralean Baionan eginiko prentsaurrean bezala, ezker abertzaleak argi eta garbi adierazi du, azken informazioak ezagututa, "bahiketa dela Jonen desagerpena kari hipotesi sinesgarriena".

Zapatero eta Sarkozy, aurki Madrilen burutu zuten gailurrean zertan aritu ziren galdetu du Askatasunako ordezkari batek. Ondoren, bi estatuen "guda zikina"ren garaietara itzultzeko apostua agerian utzi, eta eragile politiko gehienek Anzaren desagerpenari buruz gordetzen duten isiltasuna salatu duelarik.

Brigadak Baionatik Tolosara

Hendaian egindako manifestazioa ez da izan Ahetzen bizi zen iheslari politikoaren desagerpena argitzeko eginiko ekimen bakarra. Goizean goiz, herritar brigadak abiatu dira Baionako geltokirat. Batzuk Anzaren afitxak ezartzeko, beste batzuk preso ohiak apirilaren 18an hartu zuen tren bera hartzeko.

Baionan en ezik ibilbidearen beste geltokietan ere afitxak ezartzen ahalegindu dira, nahiz eta SNCFko arduradunekin arazo batzuk izan errefuxiatuaren bilaketa azkartzea xede duen afitxaketa hori burutzeko. Tokiko hainbat komunikabideetan ere elgarrizketak eta informazioak pasatu dituzte gertakari latz honi ahal den eta hedapen gehien emateko asmoz.


(Source: KAZETA.INFO)

Aucun commentaire: