mercredi 20 mai 2009

NUN DA JON ANZA???

Jon Anza militante abertzalearen desagerpenaren berria jaso dute frantsesezko komunikabideek

Argitaratua: 2009-05-16 16:14:53


Ostiral arratsaldean zabaldu zen berri kezkagarria. Apirilaren 18tik aitzin inork ez du ikusi Jon Anza militante abertzalea. 47 urteko preso ohia donostiarra Ahetzen bizi da, eritasun larria pairatzen du eta Okzitaniako Tolosara eraman behar zuen trenean galtzen da bere aztarna. Prentsa agerraldi baten bidez, trenean joaten ziren bidaiariei zuzendutako lekukotasun deia zabaldu zuen Anza familiak. Frantsesez idatzitako hainbat hedabideetan berria azaldu da gaur.



Jon Anzaren neska-laguna eta familia arranguraz bizi dira apirilaren 18az geroztik. Egun horretan Ahetzen bizi den errefuxiatuaren neska-lagunak Baionako geltokira eraman zuen Anza. Honek, goizeko 7retako trena hartu zuen, eta hilaren 24an hitzordu medikala garrantzitsua bazuen ere, ez zen agertu.

Familiak, eta Askatasuna elkarteak, deia berezia egin zuten "Cafe du Theatre"n emandako prentsaurrean. Anza trenean ikusi zutenen artean lekukotasunak sekatzen dituzte bere senideek. "Edozein datua oso baliogarri izan daiteke guretzat", nabarmendu zuten.

Dagoeneko, bere deiak oihartzun bat ukan du frantsesez idatzitako hedabideetan. AP eta AFP ajentziek berria jaso dute, eta idatzi horietan oinarrituz hainbat hedabidek oihartzun eman diote albisteari. Hala nola "Le Nouvel Observateur".

Hala nola yahoo.fr interneteko albistariak berria jaso du, eta AP ajentziarentzat Remi Riviere euskal kazetariak eginiko papera oinarri izan du baita ere eitb24 atariko frantses edizioak.

Sud-Ouest egunkariak informazio plazaratu du, agerraldiaren argazkia eta guzti. Askatasunaren bozeramalea Anaiz Funosasen hitzak hartzen ditu egunkariak. Kazeta honek nabarmentzen duenez, Apirilaren 18tik desagertuta dagoen militante abertzaleak bere dokumentazio osoa zeramala eta "trenean eta geltokietan izanen diren kamerek" bera aurkitzeko elementu baliogarri liratekela aipatzen du.

France3 Aquitainek berria zabaldu du baitaere, eta horren aipamena atzeman dugu bere webgunean. Bestalde, "une disparition inquietante" titulopean informazio zabala eskeintzen du gai honi buruz "Le Journal du Pays Basque"k.

Plenta ezarri dute auzitegian

Joan Anzak eritasun larria du. Ebakuntza egin zioten tumore bat kentzeko eta oraindik ere tratamendua jarraitu behar du bere osasuna berreskuratzeko. Horrek bere egoerari buruzko kezka areagotzen duelarik.

Askatasunak eta Anzaren familiak burutu zuten agerraldian azaldu zutenez, animo aldetik mementu gogorra pairatzen zuela-eta, joan den apirilaren 18an oporraldi txiki bat hartzea deliberatu zuen. Egun horretan, goizeko 7tan, trena hartu zuen Baionako geltokian. Tolosara (Okzitania) zihoala lagun batzuekin egun batzuk pasatzera esan zion neska-lagunari.

Apirilaren 24an mediku hitzordua zuen. Kontsulta garrantzitsua izanik, bezperan askoz jota etxean bueltan espero zuten. Hala ere, errefuxiatua ez zen inoiz itzuli. "Geroztik, zalantza bat dugu buruan soilik: Non da Jon?" laburbildu zuen Funosasek prentsaurrean.

Etxera ez zela etortzen ikusita, familiak eta neska-lagunak bere kabuz lehen peskizak abiatu zituzte. "Istripua izan zuela pentsatu zuten, eta erietxez-erietxe galdezka ibili dira, baina ez dute berririk ukan".

Egunak pasa ahala kezka eta arrangura handituz joan dira. Horregatik, ostiral arratsaldean, Maritxu Paulus-Basurko abokatuak ikerketa-eskaera luzatu zion prokuradoreari. Frantziako Zigor Kodeak, bere 74.1 artikuluan bide hori zabaltzen du. Espreski, artikulu horrek dionez, pertsona baten desagerpena kutsu susmagarria duenean, Errepublikaren prokuradorengana jo daiteke horren bilaketa azkartzeko.

"Hipotesi guziak zabalik daude, eta maleruski ezin diogu non dago Jon? galderari erantzuna eman. Horregatik galdera horri erantzun bat emateko fiskalak bere esku duen guzia egitea eskatzen dugu. Bere medio guziak familia baten arrangura bukatzeko erabiltzea galdegiten diogu. Gure aldetik, Jon non den jakin arte ez dugu etsiko" apimarratu zuen Funosasek.

Jon Anzak 21 urte eman zituen Espainiako kartzeletan. Askatasuna berreskuratu ondoren amnistiaren aldeko mugimenduan jardun zuen. Badira sei bat urte Lapurdira bizitzera etorri zen. Ahetzen bizi da eta osasun arazoak izan aitzin Hendaian lan egiten zuen.

kazeta.info (Maite UBIRIA / BAIONA)

Aucun commentaire: